Berriak

Unamuno eta Machado, XX. mendeko pentsamenduaren bi zutabe nagusi, Museoan elkartu ziren atzo.

Alberto López de Echevarrieta kazetariak Pablo Zapata hizlaria aurkeztu zuen, ez soilik irakasle eta idazle gisa egin duen lana laudatuz, ezpada hitzaren seduktore handia dela esanez, eta halaxe egiaztatu ahal izan zuten atzo museoko Kontsulatu aretoan zeuden 120 lagunek.


Hizlariak Unamuno eta Machadori buruz duen ezagutza agerian geratu zen, bi figura nabarmen horien bizi-ibilbideei emandako errepasoan. Lehenengo eta behin, bi egileen gaineko azalpen biografikoa egin zuen, jaio ziren unetik hasi eta Gerra Zibila piztu zenera arte. Izaera gogorreko Unamunori buruz hitz egin zigun, haren mundu ordenatuaz eta familiaz, bai eta, era berean, izan zen profesional bikainaz ere, eta esan zuen publikoki aintzat hartzen zela, Machado gizon apal, alderrai eta bakartia zen bitartean.

Anekdotak ere entzun ahal izan ziren; esate baterako, Salomék, Unamunoren ilobak, Zapatari berari kontatu ziona; hain zuzen ere, Unamunoren emazteari, Conchari, galdetu ziotenean ea nola bizi zitekeen hain pertsona ospetsuarekin, hamabi hizkuntza zekizkien pentsalari batekin, “Ai, Ai, zeinen ergelak diren jakintsuak” izan zen haren erantzun barregarria.

Machadori buruz, aldiz, haren soiltasuna aipatu zuen, bai eta Leonor emazteari zion maitasun handia ere. Hain zuzen ere, maitasun hori argi ikusten zen helduaroan idatzitako gutun hunkigarri batean, eta Pablo Zapatak ahots sakonez irakurri zuen testu hori.

Hitzaldiaren bigarren zatian, bien arteko adiskidetasuna eta mirespena nola hasi zen kontatu zuen, eta azaldu zuen, izaera desberdinekoak ziren arren edo, agian, horrexegatik beragatik, batak bestearengandik ikastea lortu zuela. Era berean, bien pentsamendua eta obra ardazten dituzten gai existentzial handien erantzunen bilaketa pertsonalean ere elkartu ziren; gizakia, aberria eta Jaungoikoa ziren aipatutako gai horiek, hain zuzen ere.

Amaieran, Zapatak ideia argi bat utzi zigun: bai Unamuno eta bai Machado poeta handi bi izan zirela, eta, une oro, euren ideiekiko fideltasunez jokatu zuten bi gizon ere izan zirela.

Solasaldian izandako beste ekarpen bat ere derrigorrez aipatu beharrekoa da: Unamunoren jatorrizko ahotsa entzuteko aukera, Duero ibaia inspirazio poetiko gisa hartzen zuen poema bat errezitatuz, nostalgiaz: “Arlanzón, Carrión, Tormes, Pisuerga, Águeda, mi Duero/ ligrimos, lánguidos, íntimos, /espejando claros cielos/abrevando pardos campos/susurrando romanceros…”.

Hitzaldi zoragarria, eta entzule ezin adiagoak.

Eskerrik asko guztioi.