Berriak

Alfonso Carlos Sáiz Valdivielsoren etorriak harrituta utzi zituen “La Iconografía de Unamuno” hitzaldira joan zirenak

Valdivielso jaunak zuzenbidearen, kazetaritzaren, historiaren, zinemaren edo zezenketen arloan duen erudizioa oso ezaguna da, baina Unamunoren munduarekiko duen interesa ere ospetsua da, eta halaxe egiaztatu ahal izan zuten museoko Kontsulatuaren aretoa leporaino bete zutenek, aipatutako filosofo eta idazleari buruz eman zuen hitzaldian.


Carlos Bacigalupe kazetariak aurkeztu zuen ekitaldia, eta berak egin zuen erakusketari lotutako azaroko ostegun guztietako hitzaldi eta proiekzioen zikloaren sarrera, bai eta, jakina, hizlariaren curriculum profesionalaren berri eman ere.

Unamunori buruz hitz egiteko, Valdivielsok 12 artelanen azterketa zehatza egin zuen. Hizlariaren arabera, Unamunori egindako erretraturik onenak aukeratu zituen, hainbat margolarirenak: Losada, Vázquez Díaz, Sorolla, Ramón de Zubiaurre, Gutierrez Solana… Azterketa piktorikoaz gain, azterketa psikologikoa ere eskaini zuen; bertan, erretratatutakoaren emozioak, aldartea eta sentimenduak estu lotuta zeuden Unamunok bizi behar izan zituen une eta egoera pertsonal zein profesionalekin. Erretratua, bere barneko niaren adierazpen gisa.

Aurkezpenerako erabilitako marko kronologikoa Losadaren 1905eko erretratutik hasi eta Vázquez Díazen 1936kora heldu zen. Hain zuzen ere, azken erretratu hori Unamuno hil baino apur bat lehenago egin zen, eta, bertan, margolariak modu zoragarrian jaso zuen Unamunok garai hartan bizi zuen bakardadea eta larritasuna.

Hitzaldia amaituta, hainbat galdera eta laudorio egin zitzaizkion hizlariari.

Datu berezi gisa, aipa dezagun Valdivielso jauna Euskal Museoaren Batzorde Iraunkorreko kidea izan zela trantsizio demokratikoan, erakundea Euskal Museo Historiko, Etnografiko eta Arkeologikoa deitzen zenean.

Beste behin ere, eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratu ziren guztiei.