Bizkaitar Entzutetsuen Galeria. Pertsonaia Herrikoak
2012(e)ko Abenduaren 13a - 2013(e)ko Otsailaren 24a
Bizkaitar Entzutetsuen Galeria pertsona ospetsu eta aipagarrien inguruan olioz egindako 239 erretratuz osatutako bilduma da. pertsona horiek, hain zuzen ere, XIX. mendeko azken urteetako eta XX. mendearen lehen erdiko eguneroko bizitzan eta jarduera- esparru askotan nabarmendu ziren Bizkaian, eta, zehazki, Bilboko Hiribilduan.
Galeria, Bilboko Udalaren jabetzakoa eta Museoan 1995etik gordailu gisa utzitakoa, 1950. urtearen inguruan sortu zen, José Antonio eta Luis de Lerchundi y Sirotich anaien proiektu pertsonal gisa; izan ere, lurraldeko Museo ikonografiko moduko bat egiteko ideia izan zuten, etorkizuneko oroitzapenerako gordez bertako iraganik hurbilena, garai hartako gizon eta emakume nabarmenen irudien bitartez.
Bilduma osoa 1957an aurkeztu zen jendaurrean, Bidebarrietako Liburutegian egindako erakusketa batean. Fatimako Amaren Kristau Karitateko Lanak antolatutako erakusketa hark ongintza-asmoa zuen: Hiribilduan tuberkulosiak jota zeuden gaixoentzako dirua lortzea, alegia.
Hamar urte geroago, 1967an, olioak salgai jarri ziren Bilboko Tavira Galerian. Han, Javier Ybarra y Bergék ikusi zituen, garai hartan Bilboko alkate zenak, eta, Manuel Basas artxibozainak aholkatuta, lanok eskuratzea erabaki zuen. Modu horretan, udal jabetzakoak izatera pasatu ziren; alabaina, irudiak Galerian egon ziren bitartean, olio horietako hamazortzi saldu egin ziren, eta, beraz, orain 221 lan dira.
Erretratuen Galeria zenbait ataletan zegoen antolatuta: Kalekumeak, Kirolariak, Herrikoiak, Artistak, Idazleak, Ospetsuak, Ongileak, Negozio-gizonak eta Goi Gailurrak. pertsonaia asko direnez eta, eurekin batera, aipamen biografiko labur bat jarri nahi izan denez, Museoak erabaki du pertsona hauen berri zenbait emanalditan eskaintzea; hori horrela, lehenengo emanaldia, kalekumeei eta pertsona herrikoiei eskainitakoa, orain aurkezten dugu.
Erakusketa honetan erretratatutako pertsonaiak ez dira izugarri ospetsuak, ez eta euren ekintza eta obrengatik garrantzitsuak ere, ezpada eguneroko bizitzako pertsonak, bitxiak, sinpatikoak, bihozberak, azeriak... Euren bitartez, Hiribilduko iraganeko bizitzako zenbait pasarteren berri izango dugu, eta, beraiei esker, era berean, bilbotarren izaera eta espiritua osatu duten ezaugarrietako batzuk antzemango ditugu. Beraiek gogoraraziko digute nolakoa zen Zazpi Kaleetako Bilbo hura, Botxo hura, apurka-apurka haziz zihoana, baina, artean, kutuna, maneiagarria, erromantikoa zena... Dagoeneko ahaztuta dauden txokoz eta lekuz osatutako Bilbo hura, pertsonaia xelebre eta pintoresko hauen anekdota eta gertakari koloretsuz betea. Anekdota horiek, hain zuzen ere, gai ugariri buruzkoak dira, baina, tartean, gure Hiribilduaren gaur egungo ikonoak eta erreferenteak diren gaietako batzuk agertzen dira: Athletic, Korala, zezenak, jaiak...
-> Lagundu beraren gaineko oroitzapena berreskuratzenJatorriz multzo hauek osatzen zituzten koadro guztietatik (50), 44 sartu ziren Museoan, eta Lorito, Jodra, Begoñako Santua, Ochandiano “Chimbo”, Santiaguito eta Jaungoikoaren erretratuak falta dira. Azken hori esku pribatuetan topatu da, eta lanaren jabeek modu eskuzabalean laga dute aldi baterako, erakusketan ikusgai jarri ahal izateko.
Museoak eskertuko luke gainerako lanak non dauden jakiteko balio dezakeen edozein albiste, bai eta erretratatutako eta erakusketan ikusgai jarritako pertsonaietako batzuei buruzko informazioa ere; izan ere, ahalegindu arren, ezin izan dugu pertsonaia horien zirriborro biografikorik egin. Hain zuzen ere, Martin Zubiaur, Adonis pocheville, J. Gisbert, Julian Cortadi eta José María Basterraren (izen bereko arkitektoaren eta negozio-gizonaren garaikidea) oroitzapen publikoak berreskuratu nahiko lituzke Museoak, eta horretarako eskatzen du herritarren lankidetzan.